XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

MARILUZ.

Ez duzue ezagutzen Mariluz?.

Akhelarre guzian etzen emazte elizari jarraikiagorik ez-eta... mihi zalhuagorik.

Berrogoita hamazazpi urthe zituen.

Etzen pollitenetarik.

Haria bezen luzea.

Mendiko haizea bezen chorrotcha.

Phika bezen aho churia.

Ifernuko sugea baino tzarrago.

Hortzik batere ez gehiago.

Diruduna eta arras diruduna hargatik eta... lau gathu zahar etchean.

Ez da beraz harritzeko, artho buruak urthe onetan bihi duen bezenbat sehi behar bazuen urthe batez, Mariluzek! Ilabetetik... Zer, ilabetetik? Zortzitik bat.

Nun eta ez zituen, arte hortan, biga behar, lau gathu zaharrak zirela kausa! Sehiak ziren bethi hutsean: gathuentzat behinere etzuen erratekorik etcheko-andereak.

Gathuek nahi bezenbat orra zetzatela oro, sukalde, gela, selhauru eta ezkaratze; etzuten sekulan behar zena baizik egiten! Mariluzek ikus edo senti zezala orre hori nun-nahi eta noiz-nahi, sehi gaichoak laster adituko zituen asto churiarenak eta beltcharenak!!!.

Ez, egundaino etzen sehi bat zortzi egun baino gehiago egoten ahal izan ifernu hortan! Nola zagon bada hirur ilabete hetan Pantzuna Begi? Ori, Jainkoaren mirakuilu batez bezala....